XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sinesgaitz egiten zitzaion oro, ametsen batek osoki harrapatu bailuan.

- Baina egia al da guzti hau, Maritxu?.

- Hi Imanol haizen bezalaxe....

Imanol... ahoskatu zuen isilkiro, bere izena huraxe ote zen egiaztatu nahian bailebilen.

- Orain ere heure buruarekin, bakarrik al habil hizketan?.

Astirik zuen gehienetan irakurtzeari ematen zitzaion Imanol.

Tarteka ozenki irakurtzen zuen, emazteak bestela ere aski lanpetuta entzun ziezaion.

Ezkonduta gero, hogeitazazpi urte horrela....

Baina hogeitazazpigarren urte hartan, Antxietako udal bibliotekari postua suertatu zen libre, oposizio batzuren ondoren, Imanol izendatzen zutelarik.

Pozaren pozez joan zitzaion Maritxuri: - Egun guztia liburu tartean!.

Ba al dakin zer den hori?.

Senarra lasaitu zenean emaztea hizketatu zitzaion: - Hi, Imanol... eta zergatik ez duk heuk liburu bat idazten?.

- Tira, tira...!- protestatu zuen Imanolek, bestalde ohoratuta sentitu bazen ere.

Zer edo zer idatzi?.

Ez zitzaion inoiz bururatu.

Une hartan bizi zuen euforiarekin edozer agi zitekeen alabaina.

Liburu bat idatzi... eta zergatik ez?, Maritxuk ahoskatutako hitzen amarauean harrapaturik geratu zen.

Bi egun geroago, isilean, orri baten aurrean eseri zen.

Zerbait idatzi nahi eta ezinean, luzaz ibili zen.

Biziaren pantaila balitz bezala, agertzen eta desagertzen ziren milaka irudik betetzen zuten, bete eta hustu, orriaren laukia.

Handixe iragan ziren haren sinesmen aroa, haren zalantzak, zauriak, alaben jaiotegunak....

Zer edo zer idaztera zihoan baina haren luma lehen letra idaztera zihoanean, zergatik jakiteke, dardar jarri zitzaion eskua, ezin izan zuen ezer idatzi, lehendabiziko letra hura arestian bizitako sentimendu haiek deformatzen zituen zerbait bezala agertu bailitzaion.